Umoretsu ospea duen edozein egileren moduan, Javier Krahe sakonean tipo malenkoniatsua zen. Bere kanta batez oroitu naiz gaur, zeinean superheroi zahar, nekatu eta narriatu bat bere ahalmenen ahultzeaz harritzen eta arranguratzen baita, galera hura zeri egotzi jakin gabe: tal vez sea la edad, tal vez la kriptonita.
Gauza bera pentsatu dut nik azkenaldian behin baino gehiagotan, beste modu batera bada ere: agian izan da pandemia, agian kriptonita. Lagun taldeak hor jarraitzen du (beti egonen da hor!), baina gero eta gutxiagotan egoten gara aurrez aurreko topaketetan. Elkarrekin egon gabe elkarrekin egoten ikasi eta ohitu garela ematen du.
Data hauetan falta sentitzen dut nabarmenen. Etxekoen falta askotan aipatzen da eguberriekin lotuta, baina ez da haiena huts bakarra. Banan-banango bilerak, maiz ustekabeak, izaten ditugu oraindik, hoberenean. Honako kalean, halako klubean. Benetako pozak hartzen gaitu eta berandu gabe guztiok biltzeko fantasiatan hastea erraza izaten da holakoetan. Guztiok biltzeak, baina, energia ikaragarria eskatuko luke eta (agian adina izanen da, agian gerra ekonomia) bakoitzak nahiago izaten du indarrak aurreztu, badaezpada, ez baitakigu neguak zer ekarriko duen.

JIRA
Agian kriptonita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu