Pozik daude batzuk (eta beste batzuk, ondorioz, haserre, baina hori beti gertatzen da) Espainiako Kongresuan euskaraz, katalanez, galegoz ere aritu ahal izango delako, hemendik gutxira, asteartetik aurrera, egiaztatuko dugunez eta erakutsiko digutenez. Kontentu, jakina, Europako Parlamentuan aritu ahal izango delako ere, azkenean Suediak edo Frantziak eragozten ez badu, nork daki, proposamena egin duen estatuaren aringarri. Edonola, hizkuntza gutxituak zenbat eta urrunago hitz egin, ofizialki edo ez, orduaneta lasaiago, kaltegabeago. Esaterako, eginen nuke UPN eta are PSN ere prest egonen liratekeela, poz-pozik, euskararen zonifikazioaren kontra emateko boza, ilargian aplikatzeko bada.
Agian zailena, tokian tokiko alderdiek estatalei onarrarazi ezin dioten hori, eta ondorioz gobernagarritasunaren alde amore emateko prest egoten direna («ez baita orain eman beharreko bataila, soziologikoki nagusitzeko gauza ez garen bitartean») da euskara hemen guztian guztiz hitz egin ahal izatea, hemen guztian guztiz garatu ahal izatea, trabarik gabe.
Agian zailena hemendik egun batzuetara Madrilen euskaraz ez egiteko erabakia hartzea da. Euskarak ez luke-eta eguneko anekdota, bitxikeria, sinbolo hutsa izan behar.

JIRA
Agian zailena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu