Kontsumistak gara. Azken bi asteburuetan bikain pasatu badut, ni bisitatzera etorritako lagunei, izandako solasei, mugitutako giharrei zor diet, baina baita botila ardoak, freskagarri azukre gabeak, pizza, azken orduko kopa ordaindu zituen diruari eta gastutzat kontuan hartzen ez ditudan gastu zaharrei ere (etxea, toallak, ibuprofenoa…). Kontsumistak gara, gogoaren kontra eta kontraesanekin zer egin ez dakigula gabiltza. Aspaldian onartu nuen nik baino gehiago kontsumitzen duen batek ni materialistagotzat har nazakeela eta bere burua eskerrekoagotzat.
Guk erosteko dugun beharra baino askoz handiagoa da enpresek duten gure beharra. Marka handiak hurbiltzen zaizkigu lotsarik gabe. Gure kontsumo ohituren berri dute. Geure izenez deitzen digute. Kakao krema batek eta kola edari batek potoak pertsonalizatu dituzte erosleen izenak jarrita. Lagun baten eskuan bere izena daraman freskagarria ikusi dudanean berehala brometan urtu den beldur zirrara sentitu dut. Edan dut berak prestatu kubata.
Deskubritu dute kontsumitzaileok egolatrak garela, produktuarekin bat egin nahi dugula. Gureak egin du. Nirekin ados bazaude edo/eta Aintzane izeneko norbait ezagutzen baduzu, parteka ezazu (harekin) zutabe hau.

Jira
Aintzane
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu