Eguraldiari buruzko elkarrizketen kopurua asko jaisten da ordu aldaketa tokatzen den sasoian. Bost minutu edo pasatu nituen bart mesanotxeko erlojuaren orratzekin bueltaka, asteon ordu aldaketari buruz entzun ditudan kontu guztiekin akordatzen.
«Atzeratu edo aurreratu? Nola esaten zaio egingo dugunari?». «Ez dakit, baina lasai mugikorrekoa bakarrik aldatzen da eta». «Jo, asteburuari ordu bat lapurtuko diogu, lapur geniezaiokeen astelehenari...». «Ezetz ba! Ordubete luzeagoa da zapatu hau!». «Neguko ordutegia jarri nahi omen digute betiko». «Baina zein da neguko ordutegia? Hau? Ala bestea?». «Noren eskumena da hori? Aldaketak horrek ez dauka zentzurik!». «Urtero esaten dute gauza bera eta gero inork ez du ezer aldatzen». «Zuk egin barre... benetan omen da aurtengoa». Aldeko eta kontrako argudioak entzun ditudan arren, nik badakit goizetan eskertu eta gauetan madarikatu egingo dudala aldaketa.
Aspaldiko partez, esnatu naizenerako argituta zegoen goiza gaur. Leihora gerturatu eta irribarre egin dut jende guztia urduri dabilela pentsatzean. Apur bat gaiztoa da, akaso, baina lasaitu egiten nau kaos sentsazio konpartituak.
Aldaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu