Orain arte egin diren guztietatik, Zubietakoa izango zen jendetsuena, seguru asko. Hiru mila lagun kantuan eta dantzan, errauskailuaren kontra, hondakinak beste modu batera kudeatzeko eskatuz, arnasa hartu nahi dutela aldarrikatuz. Ari gara aldatzen, ezinbestean; orain ez da dena manifestazio, kontzentrazio, ez da dena kexa eta negarra: aldarrikapenak festa itxura hartu du. Korrikaren eredua hasi da zabaltzen, horratik. Aldarrikapen baten inguruan hiru mila lagun biltzea bera bada festarako nahikoa motibo.
Mobilizazio molde berri honek gauza bat dauka ona: entretenitu egiten da bat, dantza egiten du, kantu, oihu, lagunekin bildu, bideoan hartzen zaituzte, eta youtuben azaltzen zara, badaukazu ikaskideei esatea, hori hori, urdindun hori, hori naiz ni. Edo adarra jotzen dizute lankideek, hori duk sasoia Joxe, dantzan badakiala ematen dik, edo badaukazu lagunei kontatzea, beti politika kontuekin bazterrak aspertzen ari den erretxina zarela sentitu gabe.
Flashmoba da. Eta izenaren itzulpen on bat bilatzen hasi zara. Flasha badakizu zer den, argazki kamerek eramaten dute,tximista artifizial bat da, ikusi ere ez da egiten kasik, oso gutxi irauten du.Eta mob, antza, jendetza da.
Jira
Aldatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu