Albistegiak, Twitterreko denbora lerroa, lagunarteko solasaldiak, iritzi zutabeak —honakoa barne, ez baitut eragozteko nahikoa talentu ez inspirazioa izan— poliziez bete zaizkigu tupustean, toki eta gorputz guztietakoak, protagonismoa elkarri kenduta ia-ia. Ezin esan, ordea, lehenagotik ere ohiturarik ez genuenik poliziez inguratuta egoteko.
Bi gizon hil dira oso denbora gutxian, egunbete baino gutxiagoan, Kataluniako polizia autonomikoak atxilotu dituenean (ez da gertatzen zaien lehen aldia); Iruñean udaltzainen burua epaitzen ari dira bere menpekoek jarritako salaketengatik (ez da bururatzen zaidan epaitua izateko arrazoi bakarra); joan den osteguneko protestaldiek atxiloketa gehiago ekarri ditu Iruñean (haietako hiru, adingabeak); hedabideek poliziaren kontrako istilu huts bihurtu duten Martxoaren 22ko Madrilgo manifestazioaren ajeak jarraitzen du Madrilen (hor ere atxiloketa gehiagoren itxurapean)… Zerrenda jarraitzera, tartea eskatu beharko nioke Idurre Eskisabeli.
Guztien gainetik Esperanza Aguirrek udaltzain batzuekin izandako inkontrua nagusitu da, beste guztiak ikusezindu ditu. Kexa ninteke. Baina ez deritzot guztiz kalterako, argigarria baita legea zertzat eta norentzat duten.

Jira
Aldi berean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu