Angel Erro.
JIRA

Amaiera

2021eko abenduaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Goiburua, zutabe honen izena, irakurrita erraz susma dezakezu zertaz idatzi behar dudan, ezta? Gaur bezalako egun batean honelakoentzat prestatuta zaude. Beharbada ez da lehena ere izan. Urteko azken eguna da, eta normala da atzera begira jartzea eta denoi amaiera sentsazioak jotzea. Hemen irakurleak susmatuko du, zutabearen oso hasieran gauden arren, honelakoetan ohikoa den plot twist edo tornua datorrela, urteko amaieraren aipamenaren atzean pandemiaren ustezko amaiera ekarri nahi dudala hizpidera. Eta berriz ere asmatuko du. Bata bestea bezain segurua ez izan arren. Baina askoren buruan, gogoan, jokabideetan eta hartutako neurrietan, bada halako amaiera sentsazio argia (batzuetan zuhurtasunerako deiekin lagunduta aski modu hipokritan) pandemiari dagokionez.

Honek pentsarazi dit, azken paragrafoan oraindik harago joan behar omen denez, zerbait sasi-sakona esanez, amaiera guztiak, berez, sentsazio bat baino ez direla, ez egiaztagarria den ezer. Gauzak bukatzen dira bukatzen ari direla uste, esaten eta erabakitzen dugunean. Urteak amaitzen direla gizartearen konbentzioa den modu berean pandemiarekin ere jokatzen ari gara. Aurrera aterako badugu, nolabait. Akaso hastear dena hain berria ere izanen ez den arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.