Angel Erro.
JIRA

Amaren eguna

2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Amarik ez dugunok babesgabe gaude gaurko egunaren aurka, ezin baitugu geure oldez erabaki kontsumismorako asmatua dirudien festa honi planto egitea; plantoa emanik datorkigu-eta. Perfumeen iragarkiek nostalgia lurrin urruna uzten dute, inoiz erosi ez bagenituen ere. Haren eraginez-edo, gaur sujet hau aukeratzera bulkatu nau indar batek. Saiatuko natzaio buelta ematen.

Gaur, igandea, maiatzak 6, eginen dudan guztia (hau idazteko orduan ohartu naizenez) amaren figuraren inguruan ardatz daiteke. Bikotekidearenarekin bazkaltzekoak gara eta haiengan gorpuztuko dut, inori (zuetaz landa) esan gabe, nireari eginiko omenaldi isil lurrinik gabea. Bazkalondoan, gizalegeak ahalegindu bezain laster, lagun baten urtebetetze festara abiatuko gara, berandu iritsita ere. Adiskideen maitasuna, babesa, alaitasuna, presentzia da urteen (eta gorabeheren) poderioz urritzen doan odoleko familiaren ordezkorik hoberena, eskura ditugunetarik. Badakit egun ona igaroko dudala. Alaia, ez zait beste hitzik bururatzen. Lagun taldea elkartzen deneko gabezien multzo ezberdinek hauspotutako alaitasunak gaina hartuko digula ongi badakit. Oraindik seguru ez dakidana da urteak egiten dituenari zer lurrin erosi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.