
JIRA
Amesgaiztoa
BERRIAko zure atzokoa, kargu hartu dit lagun batek, zutabe gabe, «nitabe» atera zitzaizun. Trumpez berriro ez idazteko bururatu zaidan bitarteko bakarra zelakoan desenkusatu naiz, itxuraz umoretsu baina funtsean etsituta. Gogoratu naiz, lagunak aurpegiratuko didan beldur, Paco Toronjo flamenko kantariaren hitzez: «Ni naiz esaten duenak ez ohi du zu zara diotsoenik». Baina, horren ordez, Trumpik gabeko mundu bat imajinatzea neukala bota dit, agian maltzurki. Bat-batean argi ikusi dut nondik datorren Trumpekiko obsesio hau. XX. mendeko ideal lokartuen seme-alabak gara eta sistemak amestu gaituen moduan jardutea beste biderik ez dugu. Beharbada Hillary Clintonen lo astun baten amesgaiztoaren emaitza baino ez gara uneotan. James Joyceren Ulises-en pertsonaia batek dio Historia amesgaizto bat besterik ez dela, zeinetik gu esnatu nahian gabiltzan. Esnatuko da Hillary (esnatuko dira Europako agintari larrituak) eta lasaitua hartuko du guztia afari pisu baten ondorioa izan dela ohartzean, zeinean Trump bezalako magnateek (eta agian Trumpek berak) parte hartu duten bere kanpainaren aldeko funtsak biltzeko. Besteok, berriz, Intrahistoriaren ameslari txikiok jarraituko dugu gurea ez den amesgaiztotik noiz esnatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu