maialen akizu 34 172x172

Animalien sorrera

2025eko uztailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Elezahar greziar baten arabera Olinpoko jainkoek lurra eta sua nahastuz sortu zituzten animaliak. Espezie bakoitzean kontu handiz banatu zituzten indargune eta ahuleziak: batzuei atzaparrak eta letaginak, besteei gorputz arin eta hanka bizkorrak; animalia handi eta basatiak, txikiak eta isilak, hegodunak, lumadunak eta ezkataz estaliak. Sortze hartan azkena gizaberea. Gelditzen zenetik ipini zizkioten bi hanka, haragi-hezurrak, ile apur bat. Jainkoetako bati, Prometeori, pena eman zion gizabereak, eta Ateneari ezagutza pixka bat lapurtu zion harentzat. Halaxe lortu zuen gizabereak etxeak eraikitzea, sua erabiltzea, defendatzeko gai izatea. Ez zen nahikoa, ordea. Gizabereak elkarrengandik isolatuta bizi ziren, eta aisa harrapatzen zituzten. Horregatik, Zeusek, justiziaren zentzua eman zien gizabereei, elkarrekin antolatu eta bizi ahal izateko. Ez zegoen justizian aditurik; gizabere guztiek gaitasun bera zuten bidezkoa eta bidegabea bereizteko.

Gaur hasiko dira sanferminak. Zezenak, azeriak, eltxoak. Pepe Mujicak esandakoa da: ez dakit zergatik izan behar garen inurriak baino garrantzitsuagoak. Badator zoologikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.