Baldin jakin izan banu Isaac Rosa nobelista bezain iritzi-emaile fina Iruñera etortzekoa zela, oso litekeena da entzutera agertu izana. Gauerdiko solasak izeneko ekimenera ekarri dute. Uste dut ez direla gauerdian izaten.
Ez naiz inoiz joan. Oro har, ez ditudalako ekarri ohi dituzten idazleak gustuko. Nafarroako egunkari bateko argazkia ikusita, jende gutxi agertu da honako honetan. Rosagatik pena hartu dut. Eta daudenetatik erdiek ez dirudite joan izanaz oso harro; aurpegia ezkutatzeko ahalegin nabarmenean ari dira.
(Norabait joan eta ikus ez zaitzatela oso hemengoa da, oso hau irakurtzen ari zarenaren tokikoa, edozein delarik ere. Zertarako jakin behar dute Isaac Rosa gustatzen zaizula, edo are irakurtzea duzula gogoko, edo zertan zabiltzan ustezko gauerdian, etxean goxo egon beharrean. Salatari eta kikilduen herri batean bizi gara. Hobe ez zaitzatela seinala).
Aurpegia ezkutatzeko ahalegin tristeen katalogoa: batek betaurrekoak goratzen ditu, beste bat eztulka hasi da justu argazkiko unean, hirugarren batek kopetan azkura du, laugarren bat alferrik biratu da ondoko lagunarengana, argazkilariari eskortzoa eskainiz, bosgarren bat txiki egin da eserleku bigunean.
Tira, behintzat, ez da mitin bat.

Jira
Argazkia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu