Horregatik dira argazkiak hain inportanteak. Denok dakigu aldez aurretik, okerrik ezean, Raxoik ukatu egingo duela dena, eta bere burua eta bere alderdia zuritzeko aitzakiaren bat topatuko ziotela honezkero aholkulariek, edo aitzakiarik ere ez baldin badaukate, gutxienez hitz argi eta indartsu batzuk, es falso, nunca, momentuko trantzea pasatzeko lain. Zalaparta sortu zen, arrazoiarekin, prentsaurrekoan galderarik egiteko modurik ez zelako egongo, eta kazetariek beraz esandakoa jaso eta botatzea besterik ezingo zutelako egin.
Baina argia hartzen duten makina xelebre horiek, batzuetan argia ematen dute.
Zerua irudi nahi lukeen hondo urdinaren aurrean, kokots parean eskuak batuta ageri da Raxoi, argazkia ikusi ez duenarentzat, errezatzen ariko balitz bezala. Eta akaso argazkia ikusten duenari horixe da aurrena datorkiona, errezatzen ari da, aingerutxoa ematen du, on plantak egin nahi ditu orain. Ez da hain barregarria. Ez da ari errezatzen, ez eta aingeruarena egiten ere: bere burua ezkutatzen eta babesten ari da eskuen atzean. Lepoa tapatzen du, kokotsa, ahoa, sudurra, ezin diogu keinurik ikusi, begiak besterik ez, gorantz, pentsatzen ari da.
Horregatik dira argazkiak inportanteak.

Jira
Argia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu