Batzuetan aski da azken hilabeteetan ate ostean zintzilikatzen joan garen tote bag-ak banaka-banaka hustu eta aurkitutako material guztia mahai baten gainean zabaltzea, eguneroko bizitzaren poetikotasunaz berba egin ahal izateko. Poetikotasuna esan dut, baina erridikulutasuna ere esan zitekeen.
Noizbait erabiltzeko asmoz sartu eta inoiz erabili ez ditugun gauzak; zakarretara botatzeko intentzioz gordetakoak; ondo gorde izan bagenitu oroitzapen politak izango liratekeenak; beste leku baten espero genituenak… denak agertzen dira. Diru zorrotik eroritako txanpon gorrien eta erabilitako mukizapien aldamenean: ikusi nahi genituenak eta ez genituenak. Den-denak.
Mahai gainekoei begira jarri eta erraz ondoriozta daiteke zein etorkizun opa genion geure buruari; zertan egin dugun huts; oso garrantzitsutzat genuen zer gabe bizitzeko gai izan garen.
Zuek ere gauza bera egitera gonbidatzen zaituztet: ez dizuet esango, ordea, zer topatu dudan. Ez da komeni besteek norberari buruzkoak norberak baino lehen entenditzea.