Beñat Sarasolaren Kaxa huts bat liburuko poema honekin egin nuen topo: «Arrain laranja bat erregalatu zidaten/ umetan urtebetetze egunez./ Bost urte-edo izango nituen garai hartan,/ inozentzia apur izango nuen seguru aski,/ ze nik uste bainuen arrain hori zela/ unibertsoko arrain laranja bakarra». Niri ere oparitu zidaten umetan unibertsoko arrain laranja bakarra, eta pentsatu nuen gure txikiarentzat ere opari aproposa zela. Hiru urtean bost aldiz joan da Aquariumera. Arkatza emanez gero, eguzkia, lorea, amatxo baino lehenago marrazten du arrain bat. Aurreko batean jatetxe batean bost arrain tristeren arrain-ontziaren aurrean ordubete pasatu zuen. Tarteka deskubritutakoa kontatzen zigun. «Arrai bat ustet ikatzetatik pasa dala», «Arrai batek izeban antza do», «Nahizu ikusi Nemo?». Herriko animalia dendagatik galdetu dut. Urteak omen daramatza itxita. Zarautzen ba omen dago denda bat, Donostian bi, milanuncios-etik bestela. Esan didate, agian, ez dela oso etikoa arrain bat oparitzea, eta ni lotsatu egin nau nire ilusio eta inozentziak. Anariren Harriak kantatuko diot opari-paperetan bilduta.

Arrain bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu