Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Arruntak

2013ko uztailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Astelehen goiza da, eguzki errea dago, aurretik zoaz, jiratu egin duzu burua, argia pausatu zaizu aurpegian, ederra zara benetan, eta zure edertasuna hedatu dute argi izpiek inguruan. Eta munduko lekurik arruntena izan zitekeena munduko lekurik ederrena bihurtu da bat-batean. Ez da lehenbiziko aldia, beti gertatzen zait zurekin: egurrezko banku arrunt bat, beste edozein bezalakoa, arimaren pausaleku bihurtzen da zure ondoan, begira geratzen natzaizu, bihotzez ikasi nahi ditut zure formak, ez naiz aspertzen, zure aurpegiera gordetzen dut, eta begietatik heltzen dizut gero, eskutik heltzen lotsatzen bazara ere.

Eta munduko lekurik arruntena dena munduko lekurik ederrena bihurtzen da.

Astelehen goiza da, eguzki errea dago, etxeetako toldoak beheraino jaitsita ageri dira, jende gutxi dabil kalean, zure mugimendu bakoitza gorde nahi nuke, zure begien irribarre bakoitza, arruntak direla diozu, munduko lekurik ederrena dira, hortxe bizi nahi dut, belar izpien mugimendu leunak kulunkatuta hartu lo, ur gainean ibili giza alga baten moduan, liburu bat irakurri zure ondoan etzanda, gauza arruntak egin, arruntak barik ederrak direla sentituz.

Arruntak gara, horixe da akaso gure edertasunaren sekretua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.