
JIRA
Astuna
Astuna da arrazoi izatea. Eskarmentuz badakit oker egotea eramangarriagoa dela. Astuna da, batez ere ehun pertsona inguru hil direnean, argi ikusten dituzun sakoneko arrazoiengatik. Horiexek aipatzea gustu txarrekoa iruditu ahal bada ere. Oinazea bizirik den bitartean. Astuna gerta liteke, gizon baten edo talde baten erokeriaz harago, gu erantzukizun guztiaz libratzen gaituen azalpenez harago, egon badaudela bestelako kausa batzuk ere bai, armak salduta edo interes ekonomikoengatik gerrak hasita aberastu diren errudunak badaudela, honoris causa doktoreak gehienak, presidente ohiak, jendaurrean mozkorrik dantzatzen dutenak edo ekonomiari buruzko ezagutzarik gabe banka pribatura joaten direnak. Astuna izaten da ostegunean gertatutakoak gertatuta horrelakoak gogoratzen hasten dena, ezagunen baten gaitzespena jaso dezake, eztabaida antzu bat hasi. Astuna da honi buruz berriro idatzi beharra, baina nola ez idatzi honi buruz aldi bakoitzean. Astun batek, halere, ni neu baino astun askoz finago batek, gogoratuko dit zenbatetan ez diodan zutabe bat eskaini munduan zehar izandako atentatu bati, datuak eta guzti. Arrazoi eman beharko diot. Eskarmentuz badakit eramangarriagoa dela oker egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu