Proposamena egin zidatenean ezetz esango nuela uste nuen. Erabakitzeko denbora behar nuela esan nien. Pentsatzeko hartutako egun horietako lehenengoan erosi nuen Leila Guerrieroren Teoría de la gravedad izeneko liburua. Azken urteetan idatzi dituen zutabeen bilduma bikaina. Etxera iritsi eta esaldiak azpimarratzen igaro nuen arratsaldea.
«Zutabe hauek berbazko estrukturak dira, prosa zorrotzeko dispositiboak, poematik ere zerbait badutenak». Esaten du Pedro Mairalek hitzaurrean. Eta ez zait deskribatzeko modu egokiagorik okurritzen. Horregatik maitemindu nintzen Guerrieroren zutabegintzarekin. Horri esker izan nuen argi zer egin gura nuen nik hemen. Horregatik esan nuen baietz.
Orri zuriaren aurrean arnasestua eta beldurra sartzen zaizkidan aldiro akordatzen naiz arratsalde horrekin. Liburuko lehen zutabearekin batez ere. Hitzarmena du izenburu eta hala amaitzen da: «Hona nator. Nire bizitza arpilatzen dut. Hor duzue. Zertarako nahi duzue? Nik, batzuetan, su emango nioke». Ahaztuta neukan, baina datu esanguratsu bat da: «Ba hori» idatzi nuen arkatzez azken puntuaren ondoan. Eta gau horretan bertan idatzi nuen lehenengo zutabea izan zen Bi ohar hura.