Erregina-jelea kefirrarekin nahastu eta mazedonia jan bitartean pizten dut ordenagailua. Goizero gosaldu eta orri zuriaren aurrean jartzea da nire lana(ren parte bat). Ez naiz kexatuko. Lan sortzaileak hori dauka, ordea. Egun batzuetan ordu erdiko lana dena egun osoko lana dela besteetan. Eta gaur egun horietako bat izan da.
Bart pentsatu dudan ideiak ez du funtzionatu. Prentsa goitik behera irakurtzeak ere ez. Koadernoetako oharrek, egunerokoak, lagunen mezuek, Instagrameko storyek ere ez... Gosariko hondarrak bulegoko mahaian utzi eta kanpora atera naiz orri zuria madarikatzera.
Atarian dauzkagun arrosak jaten dituen beldarrari begira egon naiz apur baten. Ez dit ganorazko ezer pentsatzen lagundu. «Ez daukot bixarko ezer... Zapatillak aldatu eta errekara noia», esan diot kanpoan gosaltzen zegoen pisukideari.
Zapatillak bazter batean utzi eta oin biak ur hotz-hotzetan sartu ditudanean agertu da gaurko artikulua: ezkur batek neure buruaren kontra jotzea erabaki duenean. Uste baino errazagoa da batzuetan buklea moztea. Hori behar da: hazi bat, kolpe bat buruan.