Egun onak ere izaten ditut, lagunarte gozoa, maitearen ahoa, baina gero eta gutxiago. Fede gutxi daukat jada, bizitza misterio handia da, idi gorrien gurdiak narama, orain gainean, orain azpian. Aurrera begira jarrita, bide malkartsua ikusten dut, nekea ugari eta poza urri; atzera begira jarrita, berriz, oraindik korapiloa egiteke zegoela norbaiten eskutik ihes egin, eta ziztuan hustutako puxika alderraia begitantzen zait neure burua. Puzten da batzuetan, hegan egin nahi izaten du, baina gehiagotan da, ur beroz beteta, ohean etzaten.
Irakurtzeak egin dio kalte handia. Batez ere, sinesbera izateak. Edozer irensten du, holaxe puzten da, edozerekin betetzen da, baina ihes egiten dio gero, ez zela beretzat ikusten du, hustu orduko hasten da ordea, ezinbestean, hurrengoaren bila. Eta gainera, irakurtzen duen bitartean egia dela iruditzen zaio, esaldi horrek mundu ikuskera garbi eta zehatz bat biltzen duela bere baitan. Eta esaldi horrek bete egiten du pixka batean, indarberritu egiten du, arnasa ematen dio, munduan zehar ibiltzeko gauza dela sentitzen du. Eta azkenean ulertu du holako esaldi baten bila abiatzen dela egunero. Atzo aurkitu zuen bat.
Gobernu oro da ekintza kriminala.
Jira. Xabier Gantzarain
Autogobernua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu