Barkamen eske batzuek kaltea berritzen dute, bi aldiz dira laidogarriak, lehenago egindako edo esandakoari ofentsaren errua bestearen gainean paratzea gehitzen baitiote. Urrunetik hasteagatik, egunotan irakurri dut Mahmud Abbas Palestinako presidenteak barkamena eskatu die (holokaustoaren arrazoia, antisemitismoa edo kontu erlijiosorik gabe, juduen lukurreria izan zela esan eta bazterrak nahasi ondoren) bere adierazpenek mindu dituztenei. Askotan entzuten den barkamen eskaera da hori,»nik egindako/esandakoagatik gaitziturik sentitu bazara, barkatzeko eskatzen dizut». Reality show-etako ohiko formula izaten da. Barkamen eskaera kontzesiboa, ofentsaren zerizana biktimaren suminkortasunaren mende baldintzatzen duena.
Nik barkamena eskatu dudanean horren beharra sentitu dudalako da (damurik, zeina baita ohiturazko jarrera nigan, ez dut neure burua goratzeko esaten) edo sentitu gabe, baina beste pertsonak niregandik horixe behar zuela jakitun (enpatiak bultzatuta, beraz, eta ondorioz azkenean benetan damua sentitzera iritzita). Bestela, ez du, nire ustez, merezi. Barkamena, bestalde, exijitzetik ez ohi da ez barkamen eskaera zintzorik ez barkaziorik etorri. Saihetsi beharreko sorgin gurpila.

JIRA
Barkamen eskea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu