Bertsolariek ez dakite zer asmatu. Beren artea munduko diziplina guztiekin nahasi ondoren, bertsoa antzerkiarekin, jazzarekin, flamenkoarekin edo Japoniako kabukiarekin fusionatu ondoren, oraindik jorratu gabeko eremu bat aurkitzeko meritua aitortu behar zaie: alegiazko dokumentala.
Bertsolaritza, oholtzapeko sekretuak izeneko trailer moduko batean ustekabeko errebelazio itzela egiten dute hainbat bertsolarik: saio inportanteetan gaiak abisatuta abesten dutela. Egañak: «Gai jartzaileak, igual Jose Mari Iriondok, esaten zigun: Andoni, hiri gai hau jarriko diat»; Amurizak: «Nahiz eta jendaurrean hori erakusten dugun, objektiboki inposiblea da buruak hiru minututan hain gauza perfektua ematea».
Ikusle hau, konspirazio teoria handiagoen sinestun, prest dago, bideoa ikusterako, euskal kulturaren simulakroari beste katebegi bat eransteko. Horregatik, amai aldera dokumentalgileak bertsolariei kontuari buruzko bertso bat inprobisatzeko eskatu eta horiek kantuz gezurtatzen dutenean lehen hitz lauz esana, duda sortu zait, jakina, ez ote dien eskaeraz abisatu.
Hain erraz ezabatuko ez den duda, gai-jartzailearen figuraren desagerpena (edo, irensterrazago, demokratizazioa) ekarri beharko duena, show-ak jarraituko badu.

JIRA
Bat-batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu