maialen akizu 34 172x172

Batetik bestera

2025eko ekainaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Trenean goaz. Harrapatuta nauka parekoak. Mugikorra eskuetan darabil; ez dauka, darabil: jakako poltsikoan gorde, handik atera, begiratu, bularraldean jarri, berriz begiratu, beste aldeko poltsikoan gorde, atera, begiratu. Aparatuak mutu dirau, ordea, objektu bizigabe baten pare. Soinua aktibatu eta desaktibatu du, gailua itzali eta piztu du, zerbait murmurikatu du begiak itxita. Lehergailuak, baina, hilda jarraitzen du. Bitartean, ni ere bere beldurraz kutsatuta Charles Simic poeta estatubatuarraren honekin gogoratu naiz: «Beldurra gorputz batetik bestera pasatzen da/ jakin gabe,/ hosto batek bere astinaldia hosto batetik bestera pasatzen duen bezala./ Bat-batean zuhaitz osoa dardarka dago/ eta ez dago haize-seinalerik». Opa diot parekoari seinaleren bat jasotzea. Orduan, nire mugikorra hasi da soinuka. Parekoari etsipen aurpegia nabaritu diot, une batean pentsatu baitu berea zela. Ni ere erantzuteko berari ematekotan izan naiz. Zenbaki ezezagun bat da: «Hola, soy deVodafone,quería informarle….».Berehala moztu dut. Barkamen keinu bat egin nahi izan diot parekoari, eta hurrengo geltokian jaitsi naiz. Kalean ez dabil haize-seinalerik.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.