Ondoko mahaiko andreari entzun diot: «Nik, gure aitari, egunero botatzen dizkiot tantak begian». Buruarekin baietz egin dio bere lagunak. Andrea irudikatu dut agurearen buru atzeratuari kolirioa isurtzen. Horra hor eguneroko ontasun keinu bat. Zerbitzariak eskatutakoa utzi die mahai gainean, eta ondoren, segi egin du andreak: «Kontua da, atzo, begietakoa jarri beharrean kolaren tantak bota nizkiola oharkabean. Kolirioaren potetxoa bezalakoa da kolarena. Ez al dute pentsatzen horrelakoetan!». Lagunak, izutu beharrean, ulertze keinu bat egin du gurina ogi txigortuan banatzen duen bitartean. Istorioa kontatzen jarraitu nahi zuen andreak, baina entzuten ari nintzela ohartu da, eta ez du ezer gehiago esan.
Nik ere antza hartu izan diet bi potoei. Ez dakit horregatik den, edo Txakur andaluziar bat pelikularengatik, baina ez diot inori utzi izan begietara tantarik botatzen. Elkarrizketaren ostean irudimena hasi zait martxan. Ez naiz ausartu begiak lasai kliskatzen, eta gurutzatu ditudan begiradetan topatu ditut istorioak; beldurrezkoak, poliziakoak, umoretsuak. Sormenak funtzio askatzailea du, barruan daramazun izua kanpoan kokatzeko aukera ematen baitu; eta mentalki, bake handia sentitu dut, inolako substantziarik erabili gabe.