Iruñean epaile batek behin-behinekoan hartu duen neurria, Udaleko bi haur-eskolaren hizkuntza ereduaren aldaketa gelditzea, justifikatzeko idazkiak maisuz aldatzera behartzen zaien ume txikiek sufritutako kaltea aintzakotzat hartzen du. Bitxia egiten zait seme-alabek euskaraz ikas dezatela nahi duten guraso eta haurrei (eskolak euskaraz izanen zirela jakinda beterik eta itxaron zerrendarekin gelditu den bi haur-eskoletan izen emandakoei) eginiko kaltea ez baita inon ageri. Berez, epaileak eta Nafarroako gizartearen zati handi batek, orain arte botere guneetan egondakoak eta oraindik amore emateari eusten dionak, ez du hor babestekorik ikusten.
Nafarroako haur asko mintzo diren hizkuntzan (edo hizkuntzetako batean) ematen diren marrazki bizidunak norbaitek etetea erabaki badu, edo norbaitek eten dezaten salaketa bat paratu badu, ez da epailerik atera esanez hori egitea «haurrek garapen egokirako behar duten lotura» etetea dela eta, ondorioz, telebista horren itzaltzea behin-behinekoan gelditu behar duela.
Badira kalte batzuk euskaldun haurrek txikitatik jolaskidetzat hartzen ikasi beharko dituztenak: behin-behinekotasuna, segurtasunik eza, susmagarritasuna, babesik eza.

JIRA
Behin-behineko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu