Leire Vargasen igandeko Ez duzu honetarako balio artikuluari bueltaka ari naiz. Jakintza motez eta bakoitzaren balioaz dihardu: «Zergatik sinetsarazten diogu jendeari, hezkuntza-sistemak balioan jartzen duenetik hasita, inteligentzia eta jakintza mota batzuk garatu ez izanagatik lotsatu behar duela? Ez al gara inteligentziaren definizioa edo zabalera bera mugatzen ari?». Gehitzen zuen zutabeetan idazten ari garen gehienok kapital kultural jakin bati loturik gabiltzala, horrek dakartzan zenbait pribilegiorekin.
Zutabeen beste aldeko irakurlearen berri ez da egunero jasotzen, eta inork zerbait aipatzen badit, ez dakizue nolako poza hartzen dudan. Aipatu dizkidatenen artean, ordea, kirri-karra handiena «ulertzen nekezak» edo «inteligenteentzako» direla esateak eragiten dit. Eta ez da adinaren araberako iruzkina. Halere, bada aurten laurogeita hamar udaberri beteko dituen andre bat. Egunero leitzen ditu bi periodiko, egunero irakurtzen du baratzea, badakizki gaurko kontuetako asko, eta gogoan ditu iraganekoak. Esaten dit nire zutabeak irakurtzen dituela, baina «beste maila batekoak» direla beretzat. Poza sortzen dit berak irakurtzeak, eta pena, bere mailakoak ez izateak.