Angel Erro.
JIRA

Bi elkarrizketa

2015eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Asteon bi elkarrizketa irentsi ditut, euskal komunikabideek bi nafar erdalduni eginikoak, Miguel Sánchez-Ostiz eta Santiago Cerverari. Bi elkarrizketatuek badituzte, alde handiak alde, zerbait elkarrekin: euskal abertzaleak ez izanda ere, eremu horretan sinpatia bat edo beste eragitea eta beren usteak desprestigiatzeko halakotzat-edo jo izana inoiz, biek elkarrizketan iradoki bezala.

Sánchez-Ostizek (gurean Rafael Chirves miretsitako askok akaso —irakurrita— ezagutu gabeko idazle handia; gero mintza gaitezen kanpotik ezarritako kanonez eta ozpinetako ostiez) Radio Euskadin salatzen zuen herritarrek gero eta galduago dutela auzitegietan gehiegikeriez beren burua defendatzeko aukera, polizia eta epaileak elkar hartuak baitaude.

Cerverak ere egiten du, BERRIAn, justiziaren egoeraren salaketa, baina bere kasu partikularrari begira (politikan zegoenean horrelako salaketa gutxi ezagutu zitzaion): «Iruñeko abokatuek baieztatu didate ez dutela ezagutzen kasu bakar bat zigor arloan auzitara joan eta fiskalak artxiboa eskatzen duenik». Txaloka hasi naiz leitu dudanean Joserra Senarrek Egunkaria auzia jarri diola salbuespen beraren aurrekari. Bat-batean alegia zahar bateko pertsonaia bihurtu zait Cervera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.