maialen akizu 34 172x172

Bi korapilo

2025eko maiatzaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Marithania Silvero matematikariari egindako elkarrizketa zekarren atzoko berripaperak. Txunditu egiten nau matematikak. Silveroren aurkikuntza nagusia Louis Kauffmanen korapiloen teoria gezurtatzea izan da: Kauffmanek zioen bi korapilo familia berezi daudela —korapilo alternatiboak eta txandakakoak—, baina familia berekoak zirela bi-biak; Silverok frogatu du ez direla gauza bera.

Korapiloen teoria bat egon daitekeenik ere. Eta, ez ote ditugu korapiloen teoria propioak eginak? Korapiloen teoriak aztertzen omen du ea bi korapilo emanda (bi soka lotuta) bata bestean desitxuratu daitekeen (soka bihurrituz, tolestuz, luzatuz… baina moztu gabe). Jone Uriak azalduko du hobeto. Matematikariek sailkatu egiten dituzte korapiloak, izenak jartzen dizkiete. Goitik begiratzen diete, urrutitik. Nik gaur eguna daramat korapiloak ikusten: aitaren lokarrietan, bizkarraren goialdean, mototsean. Marinelek badakite gaizki egindako korapilo batek ontzi bat hondoratu dezakeela, eta ongi egindako korapilo batek bizitza salbatu. Eta hori ez da matematika, patua da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.