
JIRA
Bi zilegitasun
Hedabideek eskuarki haizatu dutenez, Lluis Llach kantari eta diputatu katalanak adierazpen deserosoak egin ditu, esanez Katalunian aprobatuko den igarokortasunaren legea, oraingo marko juridikotik beste baterako zubiarena eginen duena, onartzen denean, Katalunian lan egiten eta bizitzen diren funtzionario guztiek hura bete beharko dutela, hala ez egiteak ekar ditzakeen isun edo zigorrak bere gain hartuta. Ez dirudi zentzugabekeria. Beste kontu bat da hasiko den zilegitasun lehia. Une deserosoa orduan etorriko da, herritar zehatzak hautatu beharko duelako, nolabait esateko, nork jarriko dion desobedientziagatiko zigor administratibo edo are penala ere. Inoiz zalantza egin badut ere, hau guztia prozesu eta galdeketetan axularki luzatuko zela uste izan badut ere, gero eta gertuago naiz une hori iritsiko dela eta, kanpotik begiratu arren, ezin ukatu artegatzen nauela nola aterako den onik. Herritarrengan pentsatzen dut gehienbat. Ez dirudi Espainiako Gobernuak asmorik duenik zilegitasuna nork duen erabakitzeko ahalmena herritarrengan paratzeko. Ziurrenik, ez dago beste irtenbiderik esandakoa baino, zein estatuk estutuko dituen erabakitzeko aukera beste ezer ez baitzaie emanen, utzitakoak ala sortu berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu