Grazia egiten dit umetako mendi irteerekin akordatzeak. Praka barrenetan lokatza pilatzen zitzaidan beti. Harriak gordetzen nituen poltsikoetan; intsektuak pausatzen zitzaizkidan soinburuetan; loreak ahoratzea maite nuen bereziki. Udaberrian beti ibiltzen ginen barruan azukrea omen zuten lore arrosa batzuen bila; petaloen azpiko aldeak xurgatzeak egun osorako indarra emango baligu bezala.
Lorearen izenaren bila eman dut goiza. «Azukre zaporedun loreak»; «lore jangarriak». «Margariten ondoan egoten diren loreak» eta antzeko hamaika bilaketa egin ditut sarean, baina ezer ez. Jakingo zutela espero nuen pertsonek ere kale egin didate. «Emun notzun liburuen egongo da», esan dit amak azkenean, eta arrazoi zuen, noski. Garbiñe Larrearen Sendabelarrek dakitena liburuan zetorren: hirusta gorria.
Liburua belaunen gainean ireki eta loreari buruzko orrialdeak irakurtzen hasi naiz, poz-pozik, eguneko aurkikuntzarik ederrena egin dudalako konbentzimenduaz. Mendi irteeretatik poltsikoan ekarritako harriak identifikatzen amonaren etxeko entziklopediekin ikasi zuen ume harekin akordatu naiz; Internetek, Googlek, adimen artifizialak… lapurtu diguten erromantizismo guztiaz.