
JIRA
Biloa
Azkenaldian hainbat alditan berritua ikusi dut hankarteko biloa guztiz depilatzeak sexu bidez kutsatzen diren eritasunen aukera hagitz goratzen duelako notizia. Askotan aipatzen dudan lagun batek esan ohi du, garai bateko bekatuen partez, osasuna eta gaixotzeko beldurra erabiltzen dutela gaur egungo gizartean, lehengo helburu berdinak erdiesteko. Hori izan liteke, kasu gehiegirik eman gabe, nork bere ernalkinak (edo nork beste norbaitenak) ilez gabetzen jarraitzeko nahikoa argudioa. Bakoitzak egin dezala nahi duena. Baina jakin badakigu, kontu itxuraz intimo eta pertsonal honetan, bakoitzak ez duela benetan egiten egin nahi duena. Gizonengan depilazioa moda (edo estrategia, gehienok badakizue zertarako) izan daitekeena emakumeengan arau da, nik lañoki baino irudikatu ezin dudan presio orokortuko bortxazkoa. Honengatik besterik ez bada ere, denok egin beharko genuke sinetsiarena eta, otzan, ohaideari exijitu ahalik eta osasun neurri gehienak har ditzan, besteak beste, papilomaren arriskua gutxitzeko, notizia ikusi orduko zabaldu, lagunei komentatu, beldur pixka bat zabaldu. Sakrifizioak eskatuko dizkigu, baina onurak handiak dira, batez ere estetikoak, nire uste apalean, onartzen bazait esatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu