Angel Erro.
JIRA

Bizi testamentua

2018ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nafarroan erraztu dute Nahi Aurreratuen Agiria egiteko bidea. Joan den abendutik osasun etxeetan edozein herritarrak sina dezake arrunki «bizi testamentua» deitutakoa eta, ezin duenerako, finkatuta utzi bere bizitza zein puntutaraino eta zein baldintzatan luzatu (edo luzatzea) nahi duen. Honetaz gogoratu naiz berriz ikusi dudanean Twitterreko erabiltzaile batek, hegazkin bat hartu behar duen bakoitzean, istripu bat balego, berarekin umore beltza erabiltzeko baimena ematen duela. Lotura pixka bat bitxia, agian, baina pentsatu dut bizi testamentu mota bat ere badela, ezin duenerako, bere heriotzari solemnitatea edo (hau ere bizi garen honetan oso kontuan hartu beharrekoa, txiste bategatik espetxera eramaten ahal zaituztelako) zigorgarritasuna kentzeko nahia.

Agiri publiko batean formalizatu beharko litzateke baita behin hilda inork goian bego edo orain atseden hartzen du edo dagoen tokian dagoela gutaz ezin esatea ere. Txio batean edo hemen ez da aski izanen. Poesiak izan ohi duen egiatiaren ospea gorabehera, jakin badakigu poema batean ere baliogabeak direla bizi testamentu edo nahi aurreratuak. Gabriel Arestiri ez zion Bilboko Udalak errespetatu bere izena hiriko karrika bati ez emateko desira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.