maialen akizu 34 172x172

Burua

2024ko abenduaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Atzo kiropraktikoan izan nintzen. Ez nekien zertan zetzan baina praktiko dela dioen oro nahi dut oraintxe. Andreak esan zidan, berak bizkarrezurretik ulertzen zuela gorputza, bizkarrezurra zela oinarri, «la columna vertebral», «la columna», «tu columna». Iruditu zitzaidan zutabeez ari zela, biharkoa berari buruz egitea nahi zuela, eta hemen ba. Minik handiena non izaten nuen galdetu zidan, nolakoak nituen hilekoak, digestioak. Halakoetan ez dut jakiten zer erantzun; txarrak edo onak biak dira egiak. Esan nion bizkarra izaten nuela minduen, eta berak baietz egin zidan, erantzun zuzena asmatu banu bezala. Etzanda ni eta burua alde batera eta bestera mugitzen bera. Banekien ze egitera zihoan: zirraragarri bezain beldurgarria den zerbikaletako krakatekoa. Krak. Beste aldera. Krak. Ia esan nion berriz egiteko, berriz baina fuertexeago, burua lepotik ateratzeko bezain indartsu. Imajinatu burua lepotik askatu eta besapean hartuta ateratzea handik. Grazia egin zidan. Kontua da gero espaloiaren bestaldetik agurtu nauena ere burua besapean irudikatu nuela, eta loteria saltzailea, eta udaltzaina. Bihar Durangora goaz. Ea txoro-haize hau pasatzen zaidan.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.