Ikaragarria da zerbaiten defentsan erabiltzen ditugun argudioek zenbat esaten duten gutaz. Joan den astean politikari asko atera dira (Hego) Euskal Herriko hitzarmen (eta kontzertu) ekonomikoaren defentsan. Defentsa horietako batzuek, nolabait esateko, arreta deitu didate. Javier Marotok, esaterako, autoritate argudioetara jo du, kupoaren alde Javier Mayor Oreja, Maria San Gil eta Santiago Abascal (ere) bazeudela, hirurak ala hirurak Maroto agintari duen alderditik (eskuinekoegia ez izateagatik edo, aberriaren muina behar bezala ez zaintzeagatik edo) alde eginak. Zalantzarik gabe bere burua salatzen ari zen Maroto bera, eztabaida muturreko eskuinerantz lerratuta; hortik, behar duen zilegitasuna maileguan hartzeko.
Beste batzuek defentsa antolatzen dute erasoaren zerizanak baldintzatuta. Kasu honetan Ciudadanos alderdiak aurpegiratzen duen Espainarekiko elkartasun falta gezurtatu nahian.
Neure burua ezustean harrapatu dut, solasa atera den bazkalondo batean, Kontzertuaren aldezpenerako Nafarroako historiara joaz. Argudio erdian eten dut, harritu bezain lotsatuta estilo horretako nafar izateaz edo bihurtzen egonaz, etorbide baten peatonalizazioaren aurka jartzeko ere gazteluetara atzera egiten dutenetakoa.

JIRA
Defentsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu