Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Den-dena

2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Baina hau, hau dena, hau den-dena zer da? egiten du gure amak galdera, eta gero isilik geratzen gara, zatoz, esaten diot, zatoz balkoira, ederra dago ilargia, diz-diz ari dira izarrak, artizarra ortzantzean lehena da argitzen; izarrek argi ematen badute inork behar dituelako da?

Baina galdera zaila da gainetik kentzen: hau dena zer da? Batez ere, buruan sartzen da zaila: nola sartu unibertsoa buruan, nola saiatu Lurra bazterrik gabeko eremu baten baitako aleñoa baino ez dela ulertzen, eta Lurraren gainean zu beste ale bat, fisika eta kimika pixka batekin esplikatua, eta beste literatura pixka batekin, gauza handirik ez dena den, den-dena esplikatzeko erabiltzen diren trepeta antzekoak betiere. Ez da zure baitan daramazula unibertsoa, unibertsoa zeu zara, eta eserita zauden bankuko harria, eta paretan gora doan bugainbilea, eta mendi gainari itsatsi zaion lainoa, eta inork behar dituen galdetu gabe argi ematen duten izarrak.

Baina alferrik dira edertasun horiek guztiak bizi ezina etorri zaionarentzat, laugarren pisu batetik behera begiratuta fisika eta grabitatearen legea etortzen zaizkionarentzat, lurra maiuskularik gabe jotzen dutenentzat, eta orduan ez da nahikoa izarren argia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.