Angel Erro.
JIRA

Edozer gauza

2014ko irailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egunkari honetako Hodei Iruretagoienak eta Gara-ko Alberto Pradillak Twitterren egindako epaiketaren kronika telegrafikoak jarraitu nituen herenegun. Atzoko paperezko kronika luzexkagoak ere goizean goiz irakurri. Torturen kontaketa, hain egiantzekoa, hain iraingarria, hain zirraragarria, edonor sumintzeko modukoa da (epaiketa bertan behera uztekoa ere bai, baina gauza jakina da ez dutela ezer bertan behera utziko).

Halere, tweet horiek guztiek jasotzen zuten lekukotasunen artean bazen bat bereziki geldiarazi eta hotzikara eragin zidana. Ez da tortura konturik. Gauza txikiekin hotzikaratzen naiz ni, besteak beste, bidegabekeria hain baita handia, gainezka egiten dit bere gordinean. Murillo epailearen komentario bat izan zen. Hodei Iruretagoienak honela jaso zuen sare sozialetan: «Gogor aritu da Murillo Roblesen aurka, torturetan botere judizialaren ardura aipatu duelako». Alberto Pradillarengana jo behar da, ebanjelioetan bezala, eszena nolabait osatuko badugu: «'Los poderes Estado amparan la tortura, incluido el judicial'. Murillo se enajena. '¡Aquí no se puede decir cualquier cosa!'».

Epaile batek auzi batean edozer gauza (edozer salatu) ezin dela esatea, bere horretan, autoinkulpagarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.