Angel Erro.
JIRA

Elebakarra

2016ko irailaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Badut lagun bat inoiz zera aitortu didana, beste behin jaio izatera, eta aukeratu ahal izatera, noski, bere hurrengo bizitzan gizon, heterosexual, zuri eta eskuinekoa izan nahiko lukeela. Ezaugarri horietako batzuk baditu dagoeneko —gutxienez bi—, baina ongi ulertzen diot dastatu nahi lukeela nagusitasun egoeraren ezaxola gozoa edo azpiratuen aldeko borrokaz atseden hartu. Nahikoa lehiatu behar izan du —dio— bizitza honetan, ezin dio inork ameskeria itsustu. (Badut beste lagun bat bururatzen ahal zaizun edozein koitaduren egoera hegemonikoa frogatzen ahal dizuna. Oraindik ez ditut biak elkar aurkeztu).

Ez dut gogoan nire lagunak hurrengo bizitzari eskatzen dizkionen artean elebakartasuna ote dagoen. Ematen du esan gabe datorrela, baina, badaezpada, ez badu berak egin, nik eskatuko dut: nire hurrengo bizitzan elebakarra izan nahi dut, baina parte onekoa, mundutarrago egiten zaituenetakoa; zertan bidaiatu ez izateko; elebakarra, baina amona euskalduna izan omen zutenetakoa; elebakarra, agerikoaz zalantza gutxiago egiteko, iritzi irmoagoak izateko, xehetasunek hain erraz ez desbideratzeko; elebakar tarteka minbera, tarteka solidarioa, hori bai, inposaketarik gabe, konplexuak konplexurik gabe erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.