Tokiz kanpo ematen du elurrak, edo garaiz kanpo, apirilean. Grafiko bati begiratzea egonen da hala ote den egiaztatzeko. Baina eguraldiaren estatistika historikoak aztertzea bihotz erdiragarri xamarra izaten da.
Eguraldia aski hizketagai konplexu bilakatu omen da, igogailuan hain erraz ez aipatzeko modukoa. Informazio meteorologikoek albistegi normalak bezain tarte zabala behar izaten dute azkenaldian, eta aurkezleek utzi diote busto hiztunak izateari, kontzeptu zailak ongi helarazten dakiten zientzialari irribarretsuak izatera pasatzeko, eguraldi kaskarraz hitz egiten dutenean izan ezik. Orduan gu bezalakoak ematen dute, gure mailan jartzen dira eta ematen du benetan penatzen direla terrazetan bermutik hartu ezinen dugulako edo, nafarren kasuan, Kontxara edo Zarautzera joan ezinen garelako. Berdin izaten du aurreko albistegian urtegiak ohi baino hutsago daudela esan badute, barkamen eske bezala mintzo zaizkigu etortzekoak diren euri erauntsiez.
Horregatik, jakin minez irentsi ditut azkenaldiko eguraldi iragarpenak, elurra hitza ahoskatu beharko zituztenak, «eguraldi txarrak» harrarazten dien protagonismoak eragindako poza albait ezkutatuta. Guztiak bat etorri dira negua itzuli delako irudi sinplistarekin.

JIRA
Elurra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu