Angel Erro.
JIRA

Ergatiboa

2015eko maiatzaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lagun batek askotan esaten du esan edo idatzi gabe uzten ditugun ergatiboen K guztiak IKEAko katalogoetan birgorpuzten direla. Suediar enpresaren izendegiari urteetan egin diodan ekarpenaz ohartarazteko esaten dizkit horrelakoak. Ni batzuetan nahita egiten dut akats, berari poztasunen bat emateko, nahiz eta gehienetan ez dut neure borondatea gehiegi estutu behar, lagunaren pozgarri, berak altzairu berri eta beti praktiko baten argazkia igor diezadan.

Beste lagun batek behin ergatibo bat faltan (edo sobera, hemen mintzagai ditugun ondorioetarako, berdin du) aurkitu zuen Euskadi Saria eskuratutako itzulpen lan mardul baten orrialdeetan urtuta. Ez dut gogoan esaldi katramilatsu baten erdian disimulatuta edo soil baten muturrean deigarri.

Nik aste honetan bat topatu dut, askoren harrapakina txiki, ezdeus eta irrigarri utziko duena: norengan eta Axularrengan. Quandoque bonus dormitat Axular. Ez dakit nola ez dudan maisua lehenago arakatu, haren baitan den-dena dagoela jakinda. Izan ere, behin, Gero ausaz irakurriz, Evax konpresen leloa kausitu nuen: fina eta segura.

Esan gabe doa ez dudala hemen toki zehatza emanen, ez diot inori plazera kendu nahi. Urdazubiarra irakurtzekoa, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.