Dena geroz eta pertsonalagoa den garai batean, errituak kolektiboak dira. Akordatu bestela Derridaren esaldiarekin: erriturik gabe ez dago gizarterik, ez dago erakunderik, ez dago historiarik. Alde erantzira ere esan liteke: gizarterik gabe ez dago erriturik, erakunderik gabe ez dago erriturik, historiarik gabe ez dago erriturik. Norbere bizitza taldearen baitan kokatzeko balio dute errituek, hasi bataiotik eta hiletaraino. Eta tartekoek ere bai, noski: urteberriko ski saltoena ez da mundu osoko ohitura bat, talde batena da, Errege eguna ere ez da mundu osokoa, talde batena da: erlijioak indarra galdu duela uste duen talde batena, alajaina. Erlijioa besterena baita, musulmanena, budistena; kristautasuna ez da erlijioa, kultura da.
Erlijioarekin daude lotuta errituak, baina kasu, errituak bazter guztietan daude, ez dira erlijiora mugatzen, ez dute esparru bat definitzen euren kabuz. Badira erritualaren itxurarik eman gabe egiten ditugun errituak, egunerokoak, txikiak, zutabe bat irakurtzea adibidez: taldearen baitan kokatzen gaituzte. Manifestazio(eta)ra joatea, Euskal (Herriko) Selekzioaren urtean behineko futbol partida ikustea, urteberriko ski saltoak, opariak egitea Erregetan.

Jira
Erlijioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu