Eklipsea ikusteko asmo osoz abiatu ginen domeka iluntzean herriaren bestaldean dagoen muino batera. Zeruari apenas begiratzen diogunontzat zeruko fenomenoak ikustea erraza dela sinistu genuen berriz. «Hirian ez, baina landa eremuan ikusiko ez da ba!», esan genuen. Ez zitzaigun ongi atera. Gauza bera gertatu zitzaigun pertseidekin ere.
Hiriari zerion argia baino ez genuen ikusi; ezer harrigarririk ez. Inpaktatu egin ninduen argitasunak, hori ez dut ukatuko. Hirigunearen eta landa eremuaren arteko mugei buruz pentsatzen igaro ditut osteko egunok. Ez dakit non hasten den bata eta non amaitzen den bestea. Gero eta urbanoagoa da landa eremua. Gero eta zailagoa da txaletaren eta baserriaren arteko aldeak identifikatzea. Herrietako folklorea hirietako pabiloi erraldoietan ospatzen da. Behiz betetako larreen ondoan bizi garenok ere supermerkatuan erosten dugu esnea.
Ez dakit ez ote garen errazegi ohitu baserrien ondoan fabrikak, zentro komertzialak, errepideak, zabortegiak, erraustegiak... ikustera.