Errealitateari batzuetan atxikitzen zaion adjektiboetako bat «gordina» da; seinale, gehienetan «egina» edo «errea», ez esateagatik «sukaldatua», eskaintzen zaigula.
Errealitate platerkada ederra, ataka gaiztoa pasatzen laguntzeko saltsarik gabea, hartu dute Nazioarteko Egiaztatzaileek, auzitegi nazionalean deklaratzera deitu dutenean. Akaso, ohartarazpena jasotzean pixka bat etar sentituko ziren?: hobeki esan, etartzat hartuak izatearen trantzean?
Benetako bi edo hiru etarrek armak entregatzeko (edo —orain jakin dugunez, eta hemen, nola gibel asmorik gabe esaten dugun, azpimarra dezakegu detailea bakea saboteatu nahi izan gabe— armak entregatzearen itxura egiteko) deitu zietenean ere errealitate platerkada hotza jasoko zuten? Asebete geldituko ote ziren? Ez da erraza esaten. Mahaiak ez zuen mukuru betea ematen. Baina, gauza askotan bezala, jan kontuetan ere, dena gure itxaropenaren arabera neurtzen da.
Etarrek berek atonduko zuten grabazioaren gela? Hustuko zuten eta garbituko? Picassoren Gernika hor zegoen lehenagotik? Girotzeko paratu zuten? Zutabe oso bat mereziko luke margo hori hor egoteak. Egun berean Telecincoko Sálvame programan ere bazegoen, kuxin baten estanpatuan. Hori ere errealitatea da.

Jira
Errealitatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu