Bozgorailuetatik Amaralen kanta zaharrak topera jarrita sartu gara ama eta biok Iruñera amaren kotxe txikian. Artean gaua zela utzi dugu etxea eta eguzkiaren atzetik egin dugu bidea: begiak erdi itxita bera, eguzkitako betaurrekoak jantzita ni. Loguratuta eta munduarekin haserre ez bageunde, konpresa anuntzio baterako moduko eszena perfektua zatekeen. Alaiegia, argitsuegia, positiboegia. Bularreko minbizia xingola arrosak jantzita konpontzen dela uste duten marka horietakoren batena edo.
Hirira sartu eta lehenengo semaforo gorria berde jarri denerako gaiztotu zaigu giroa: gurea baino berriagoa, handiagoa eta garestiagoa zen kotxe bateko gidariak fuerte sakatu du klaxona. Oso fuerte. «Zeozer gaizki ein dot, ala?», esan dut urduri. «Ez, trankil. Kotxiagatik da. Ez zara fijau furgonetan zoiazenien inor ez dala kejetan?».
Urdailetik gora zetorkidan amorrua berba bihurtu baino lehen, bolumena igo, leiho biak ireki eta lehen baino ozenago ekin diogu kantatzeari. «Gure gainetik dauela uste dau, baina gure atzetik jarraittu biko dau!».