
Jira
Errituak
Errituak daude bazter guztietan. Erriturik gabe ez dago gizarterik, ez dago erakunderik, ez dago historiarik, idatzi zuen Derridak. Eta zuk errituak ikusten dituzu bazter guztietan, errepikapena, errepikapena eta diferentzia, etengabe errepikatzen den ekintza bat, beti berdin eta bakoitzean diferente. Eta halaxe sortzen direla gauzak iruditzen zaizu, errepikatuz, errituz erritu, zaharra berrituz. Eta errituak errepikapena bera bilakatzen duela oinarri, eta edozein gizartek, edozein erakundek, edozein historiak ez duela jada sorrerako egonezinaren eta zalantzaren arrastorik txikiena ere gordetzen, ez duela sortzeke geratu zenaren berri eman nahi, errepikapenak baztertu egiten dituela edozein gizarte, edozein erakunde, edozein historiaren aurka egon daitezkeenak, edo ezta aurka ere, ertzetan baizik, ezta ertzetan ere, alboetan baizik. Eta errepikapenaren kadentzia markatzen duenak hartzen duela indarra, bere denbora eta besteren denbora kontrolatzen duenak daukala boterea. Eta zure denbora kontrolatzen dutenak zein diren hasi zara pentsatzen, zeinek bete duen funtzio hori historian zehar, eta zeinek betetzen duen orain. Eta errituak ikusten dituzu bazter guztietan, zaharrak, berrituak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu