maialen akizu 34 172x172

Esku-ahurra

2025eko maiatzaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gazteleraz ari zen. Ezkerreko eskua erakutsi digu, eta esan bere esku-ahurra bezain ondo ezagutzen duela. Galdu egin naiz elkarrizketan, sutsu eta konbentzituta ari zen hizketan, eta ez dakit zer zen hain ondo ezagutzen duena. Ni bere esku-ahurrari begira gelditu naiz. Gero nireei begiratu diet. Gaztelerazko esapide hori ez dela egia pentsatu dut; ziur nago gure esku-ahurra aldatuko baligute ez ginatekeela ohartu ere egingo. Nirean M bat ageri da oraindik. Gogoratu dut umetan sinetsita nengoela bakoitzaren izenaren lehen letra genuela esku-ahurrean harik eta Edurneri kontatu eta barre egin zidan arte. Ze lotsa. Gero bera aritu zitzaidan esku-ahurra irakurtzen, eta marra trabes horiei begira iragarri zuen noiz ezkonduko nintzen, zenbat ume izango nituen, eta zenbat diru. «Diruaren marra ez da ondo ikusten», esan zidan. Urduri utzi ninduen. Zerbait txarra ikusi eta nahiago izan zuela isildu iruditu zitzaidan. Gaur esku-ahurrari berriz erreparatzen ari nintzela, diruaren marra zein zen oroitu nahian ibili naiz. Ez da ageri. Eskuak berak ezabatuko zuen.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.