Gure herrian denok dakigu zein sokakoa den ondokoa edo, oraindik txarragoa dena, baldin ez badakigu, jakinen bagenu bezala jokatzen dugu. Maiz suertatu naiz elkarrizketetan non, adiskideen artean egon gabe ere, denok iritzi berekoak bagina bezala antolatu eta garatu baita solasa. Nafarroako aldaketa politikoaren aldekoak denok, alderdi edo musika estilo bereko zaleak denok, denok ateoak edo denok Osasunaren jarraitzaileak. Normalean asmatuko dugu, baina niri kezkagarria egiten zait horrek bestea, bestelakoaren aukera, nola txikitzen, nola urruntzen, nola besteagotzen duen. Horrelako solasetako solaskideek beren burua salatzen dute harreman eskaseko edo irudimen murritzeko. Gainera, gurean maiz gertatzen denez, euskara ondokoa ezaugarritzeko hizpidetzat erabiltzen dugu. Oharkabean taldea pobretzen dugu, eta elkar iraintzen. Norbaiten gaineko ustekizuna laidoetan sotilena da.
Oraindik ez naiz ausartu, baina inoiz izan dut tentazioa komunitatearen onuraren alde neure burua sakrifikatu eta horrelako solasaldi batean disidentearena egiteko, esaterako, idazleen afari batean bertsozalea naizela esanez. Kontatuko dut hemen, bizirik ateratzera, zer moduz doakidan esperimentua.

JIRA
Esperimentua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu