Ia edonor sentitu ohi da gai egunero erabiltzen dituen hitzen atzekoa arakatzeko. Zer esanik ez, euskaldunen kasuan, egunero erabiltzen ditugun hitzen bakantasunak plus bat ematen baitio jakin-minari. Etimologia beti erabili dugu beste zerbaiterako. Larramendik («alabantza: alaba + antza», «estandarte: eztanda (egin) arte»), gaztelaniazko hitz asko euskaratik eratorrita, euskarari prestigioa eman nahi zion, uneko premiei zegokienez. Geroztik ur asko igaro da zubipetik.
Hiztegi etimologikoa aurkeztu du Euskaltzaindiak. Pasadizo jostagarrien bilduma ez dela ohartarazi du Joseba Lakarrak, seguruenik etimoekin malabarismoan aritzen direnak uxatzeko asmoz. Aurkezpenaren egun berean ikusi dut Twitterren Euskararen jatorria izeneko webgune/talde bat dagoela, etimologia-proposamen psikotropikoak plazaratzen dituenak (sanjuanak aitzakia, Juan izenaren jatorriari 'su-an', 'su-andi' iradokita). «Gure hizkuntza kolonizatu gabe ikertzea» omen dute asmoa. Hori ere garaion ikurra.
Nik (barka, Lakarra) beste hau proposatuko nuke: Guardería < Gu (h)aur-(h)erria. Nondik eratortzen baita euskaldunok, umetatik ere, besteen menpe egon gabe, geure burua antolatu izan garela herri (haurtonomo) gisa.
(Biharko entrega: ortografia)
    
    
        
        
             
    
                                
    
                                                                                JIRA
                        
                
                            Etimologia
                Iruzkinak
            
            
                Ez dago iruzkinik
            
        
                    Ordenatu
                    
                
            