Zeinek behar du etorkizuna eguna hain betea datorrenean? Esnatu orduko sarean sartzen zara, egunkarien edizio digitalak begiratzen dituzu, Twitterreko mezu jauziaren azpian jartzen zara dutxako ur jauziaren azpian jarri aurretik, beteta hasi duzu eguna: zenbat kontu interesgarri dagoen munduan. Kafea berotu eta atzeko balkoira joaten zara zigarro bat erretzera, eta han dena geldik dago. Zozoen kantu gozoa entzuten duzu, bare dago zerua, hegazkinen uberak poliki ari dira desegiten, kurloiak dabiltza teilatuetan, ez da jenderik ageri kalean, goiz da, larunbata da, jendea lo egongo da oraindik.
Zein da munduaren denbora?
Zein da giza espeziearen denbora?
Zein da gizaki bakoitzaren denbora?
Egunero bezala ageri da Izarraitz, tente, bere buruaz seguru, harri kozkor hori; zenbat jende ikusi du bere magalean bizitzen eta hiltzen? Etnologo amateurraren lanak egiten dituzu gurasoekin. Etxean jaio ziren. Hamazazpi urterekin joan nintzen lehen aldiz Donostiara, eta zuek berriz hantxe jaio zineten. Hi Londresera joan hintzen, esan diozu zeure buruari. Noiz hasi ziren lanean. Garairik onena bizi izan dugula esaten du beti Antoniok, lan kontuetan behintzat, lanera hasi orduko fijo egiten zutela bat.

Jira
Etnologoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu