oihana arana

Etorkizun hurbila

2025eko abenduaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Borragoma topatzen gastatuko nituen hiru segundoak aurrezteko, arkatzez gaizki idatzitako berba bat marratzen harrapatu nuen neure burua bart gauean. Inozo sentitu nintzen borragoma begien parean nuela ikusi nuenean. Horrelako ekintza minimoek esplikatzen dute ongien gure egunerokotasuna.

Denera ezin iritsita gabiltzan garaietan, ohikoa izaten da ezezagunen mezuak maiteenak baino lehen erantzutea; edo are, maiteenei ez erantzutea. Ohea ez egitea. Bazkariko harrikoa gauerako uztea. Mezuak idatzi beharrean audioak bidaltzea. Eskailerak binaka jaistea. Infusioak ez amaitzea. Ilea orraztu ordez moño batean biltzea. Zutik jatea. Galtzerdi diferenteak janztea. Leku guztietara autoan joatea. Hortzak garbitu ordez mendazko txikleak edo sagarrak jatea. Ipuinak beharrean poemak idaztea, edo ez idaztea. Zapatiletako lokarriak ez askatzea. Azkarregi gidatzea.

Gaizki idatzitako berba eta gainean egin nion sarraskia ezabatu eta berriz txukun idazten ari naizela pentsatzen dut unean unekoari erantzun behar izatearen zera horren ondorioz ez ote naizen neure buruari etorkizun hurbila izorratzen ari.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.