Hezeak eta iharrak nahasiko ditut, elkarrekin zerikusi gutxi duten bi gai aldi berean hona ekarrita: amatasun subrogatua, batetik, eta Administrazioan euskara eskakizun izatea, bestetik. Bi eztabaidak kalean daude eta dagoeneko entzun dut eskubidea hitza argudioen artean sartuta: guraso izatekoa, denok ba omen dugun eskubidea, eta bazterkeriarik gabe Administrazioan (langile) sartu ahal izatekoa. Eskubideen eremua zabaltzearen aldekoa izanik ere, komeni da ohartzea ustezko bi eskubideok dagoeneko beste bi eskubideri kontrajartzen zaiela, zeinek, elkarren osagarri izanik ere, nagusitu behar duten: seme-alabek familia bat izateko duten eskubidea eta Administrazioaren aurrean hiritar guztiek berdintasunez tratatuak izatekoa (kasurako, nik Nafarroako Gobernuko edozein leihatilatan erantzuna jasotzekoa).
Guraso izatearena bidezko desira da, baina kasu guztietan (adoptatzeko orduan, esaterako) umearen beharrak dira lehenetsi beharrekoak.
Funtzionarioa izatea ere bidezko nahikaria da, ez inoren eskubidea (alderdi politikoek administrazioa enplegu bulego bihurtzeko ohitura gorabehera). Hiritarren beharrei hobekien erantzuten dietenak lehenestea ez da inor diskriminatzea. Hain zaila da ulertzen?

JIRA
Ez da eskubidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu