Nerabetako maitasun gutunez betetako karpeta bat topatu du asteon lagun batek bere etxeko ganbaran. Isiltasunean irakurri eta atzera gorde zituen lehengo lekuan. «Ni hil arte ez dituzue irakurriko», esan zigun barre algara artean, zirrararen eta lotsaren arteko emozio ez oso konkretu batekin. Momentuan ez zitzaidan ezer garrantzitsua iruditu eta bere horretan utzi nuen kontua.
Gau txarra pasatu dut, ordea. Eta anekdota soil hori izan da gaueko entretenimendua. «Ez dakit hil eta gero ere irakurri behar ote genituzkeen», idatzi diot azkenean.
Hildako idazleen argitaragabeko testuen bildumak argitaratzen diren aldiro haserretu egiten naiz. Ez da injustua iruditzen zaidalako bakarrik; pudorea ematen dit, lotsa. Izan behar ez zen zerbait irakurtzea tranpa da. Lotsabakokeria, intrusismoa, besteen intimitatearen kontrako ekintza bortitz bat.
Sekula ez dut pentsatu zer gertatuko den beste inork ez irakurtzeko idatzi ditudan berba horiekin guztiekin. Baina nire gorpuarekin gertatuko denak baino dexente gehiago kezkatzen nauela uste dut.